Web-orri fidagarri batean erostea Kontuz iruzurrezko mezu elektronikoekin Adi bidalketa gastuekin Ordainketa sistema seguruak erabiltzea Erosketa baieztatzea Itzultzeko baldintzen berri izatea Produktuen bermea Erosketan arazoren bat sortzen denean, erreklamazioa egitea Lineako Gatazkak Konpontzeko Plataforma Kontsumitzailearen Europako Zentroak Espainian duen ordezkaritza black friday Web-orri fidagarri batean erostea Batzuetan, zibergaizkileek kopiatu egiten dituzte establezimenduen web-orriak erosleak engainatzeko. Web-orriaren benetakotasuna bermatzeko, jarraibide batzuk bete behar dira: Egiaztatu webgunea https://-rekin hasten dela eta helbide-barran giltzarrapo itxi baten ikonoa (berdez) edo giltza oso bat agertzen dela. Ikur horretan klik egiten badugu, segurtasun-ziurtagiriari buruzko xehetasunak ikusi ahal izango ditugu; horrek esan nahi du konexioa segurua dela, web-orri horrek kodetu egiten baitu transmititzen dugun informazio guztia. Lehen urratsa da, baina ez bakarra, phishing-orri batek segurtasun ziurtagiria lor dezakeelako; beraz, xehetasun gehiago hartu behar dira kontuan, adibidez domeinuaren izena (web helbidea). Zibergaizkile askok egiazko on-line denda baten izena erabiltzen dute letra bakarra aldatuz. Webaren itxura begiratu behar da, haren diseinuan arreta berezia jarri, haren koherentzia, irudien kalitatea eta atal guztien osotasuna egiaztatu, baita idazketa egokia dela ere. Ez dugu fidatu behar webgune axolagabe batekin edo funtsik gabeko informazioarekin. Kontuz ibili behar da produktuen prezioak baxuegiak dirudienean edo guztiak maila berean dauden; izan ere, horrek iruzur egitea ekar lezake. Erosketa egin aurretik, komeni da dendaren ospeari buruzko ikerketa sakona egitea, beste erabiltzaile batzuen iritziak eta balorazioak irakurriz. Jarraitu irakurtzen Kontuz iruzurrezko mezu elektronikoekin Urtean zehar, eta bereziki data hauetan, baliteke mezu elektronikoak edo testu mezuak jasotzea, prezio ezin hobeko produktuak eskainiz, itxuraz enpresa onartuetatik datozenak. Baina erne egotea komeni da, mezu horiek amuak izan baitaitezke iruzurgileek phishing egiteko (engainatu eta informazio pertsonala edo finantzarioa lortzen dute). Informazio komertzial hori espresuki eskatu ez badugu, funtsezkoa da zuhur jokatzea, bereziki mezu elektronikoek edo testu mezuek eskaintza tentagarriak badituzte. Halakoetan, egokiena izaten da sarrerako ontzitik mezua kentzea, esteketara sartu gabe eta erantsitako fitxategiak deskargatu gabe. Adi bidalketa gastuekin Bidalketa gastuekin zer egin, saltzaileak erabakitzen du, eta horrek aukera ematen dio gutxieneko erosketa kopurua finkatu eta eroslea gastu horietatik salbuesteko, edo prezio tarteak ezartzeko produktuaren neurrien edo helmugaren arabera. Askotan, bidalketa gastuen zenbatekoa produktu baten prezioari gehitzean, erakargarria dirudien eskaintza batek eskaintza izateari utz diezaioke, batez ere nazioarteko bidalketak direnean. Horregatik, ordaindu baino lehen, azken prezioa nola banatzen den aztertu behar da. Ordainketa sistema seguruak erabiltzea Ez dugu inoiz esku-dirurik bidali behar, ezta banku transferentziarik egin ere, saltzailearengan erabateko konfiantzarik ez badugu. Bizum eta antzeko sistemak ez dira gomendagarriak, zibergaizkileek biktimei iruzur egiteko erabiltzen baitituzte: erosketa bat baliozkotzeko aitzakiarekin, iruzurgileek erosleari eskatzen diote dirua transferitu dezala, eta hark, ordainketa egin ondoren, ez du produktua jasotzen. Jasotzean ordaintzea da metodorik fidagarriena, produktua jasotzean egiten baita ordainketa. Beste aukera bat da kreditu txartel bat erabiltzea; gomendagarria da on-line egiten diren transakzioetarako bakarrik edukitzea txartel bat, zibergaizkileak ez daitezen sartu gure bankuko informaziora. Ordainketak konfiantzazko bitartekarien bidez egitea ere aukera ona da, PayPal bidez esaterako, betiere pasahitz seguruak erabiltzen baditugu. Erosketa baieztatzea On-line erosketa egin ondoren, gehienez ere 24 orduko epean jaso behar da transakzioaren idatzizko baieztapena. Berrespena paperean edo beste euskarri iraunkor batean egin daiteke, adibidez mezu elektroniko, fax edo mezu bat bidalita saltzailearen webguneko kontu pertsonalera. Helburua da erosleak frogagiri hori gorde ahal izatea eta saltzaileak nahi bezala aldatu ezin izatea.