lehenbiziko molar iraunkor eta ebakitzaileak ateratzen direnean, masailezurraren goi eta behe aldekoak”, gehitu du espezialistak. Ohiturak aldatzea. Haurren artean zabalduta dauden zenbait ohiturak lagundu egiten dute malformazio horiek sortzen. Maloklusio eskuratuak dira, adibidez ahotik arnasa hartzea —lo edo hitz egitean—, hatza miazkatzea, txupetea bi urtetik gora erabiltzea, azazkalei hozka egitea eta irenste atipikoa, hau da, mihia luzaroan bermatzea bi arkuetako hortzen artean janaria irenstean. “Denborarekin, egoera horiek guztiek deformatu egin dezakete ahosabaia, eta horrek goiko masailezurra aurreratzea dakar eta behekoarekin ez lerrokatzea”, jakinarazi du Oscar Castrok. Horren ondorioz, hainbat disfuntzio gerta daitezke, hala nola gaizki hozkatzea, hortzak elkarrengandik bereiziagoak gelditzea edo ahosabai sakon eta estua agertzea. Biberoiaren tetinekin luzaroan edoskitzeak ere maloklusioa eragin dezake, baina hori ez da gertatzen bularra hartzean. “Bularra ematen zaionean, haurrak zenbait esfortzu egin behar ditu xurgatzeko, eta horrek indartu egiten ditu inguruko muskulu guztiak. Hori ez da biberoiarekin gertatzen, askoz pasiboagoa baita”, azaldu du Castrok. Prebenitu al daiteke? Herentziazko faktoreak gaitz horretan eragina izan arren —halakoetan ezin da aurrerik hartu—, ohitura txarrak zuzendu egin daitezke. Txupetea eta biberoia garaiz kentzea, azazkalei hozkarik ez egitea, haurrek ahotik arnasa hartzen ez dutela zaintzea eta bruxismoa kontrolatzea. Haurrei irakatsi egin behar zaie, halaber, nola jarraitu aho-hortzetako higienea, nola egin elikadura osasungarria eta, horrekin batera, aldizkako azterketak ere egin behar dira bi urtetik aurrera. Tratamendurik gabeko txantxarren ondorioz esne-hortzak garaia baino lehen galtzea ere maloklusiorako arrazoi aipagarria da. Hortz primario horiek zeregin garrantzitsua dute, etorkizuneko hortz iraunkorren lekuari eusten baitiote. Horregatik ez da komeni garaia baino lehen galtzea. Hori gertatzen denean, zuloak beste hortzen mugimenduak eragin ditzake. Eta hortz berria desbideratze batekin ateratzen bada, litekeena da maloklusioa eragitea. Espainiako Ortodontzia eta Ortopedia Dentofazialaren Elkartetik (SEdO), Juan Carlos Perez Varela presidenteak txantxarren eta maloklusioen arteko harreman zuzenaren beste adibide bat eman du. Hortz zorrotzak edo gaizki lerrokatuak garbitzea zailagoa denez, txantxarra agertzeko eta gaixotasun periodontalak izateko arriskua handiagoa da. Horregatik, beharrezkoa den guztietan dentistarengana jo behar da, bai txantxar edo haustura arazoak konpontzeko, bai hortzak eta masailezurra egoki hazten ari direla kontrolatzeko. Haurrek 5-6 urte dituztenean, ortodontistarengana joatea komeni da. Bisita hori garrantzitsua da; izan ere, garaiz hauteman daiteke maloklusioa, okerrera egin aurretik, eta, hala, tratamendu eraginkor bat egin daiteke, hasierako fasean zuzentzeko gorabehera hori. Zein du tratamendua? Tratamendua aldatu egiten da patologia horren larritasunaren arabera. Kasu gehienetan, nahikoa izaten da ortodontzia bat, interzeptiboa izan daitekeen (arazoa geldiarazteko) —haurtzaroan antzematen bada— edo zuzentzailea, helduaroan. Ortodontzia hori ezaugarri batzuen araberakoa izango da: tratatu beharreko anomalia mota, adina eta pazientearen lehentasunak. Aparatu horiek finkoak izan daitezke, bracketsak esaterako, pazienteak bere kabuz kendu ez ditzakeenak, edo ken daitezkeenak, lerrokatzaile ikusezinak esaterako. Dentistak gomendatuko du kasu bakoitzean zein den aukerarik onena. Batzuetan, batez ere helduetan, ebakuntza gelatik pasatu behar izaten da masailezurren posizioa zuzentzeko. “Hortzak mugitzeko ortodontzia erabiltzea bideraezina denean, kirurgia ortognatikoa deritzona erabiltzen da. Goiko masailezurraren edo behekoaren mailan egiten den ebakuntza da, eta hezur-arku osoa mobilizatu eta bi masailezurrak doitzeko egiten da”, azaldu du Oscar Castrok. Azken urteotan, nabarmen areagotu da maloklusioaren diagnostikoa eta tratamendua, hainbat arrazoirengatik: dentistaren azterketetan garaiz atzematen delako, ahoko osasunaren inguruan kontzientzia handiagoa dagoelako eta herritarrek kezka gehiago dutelako estetikaren inguruan. “Bost eta sei urte bitartean,komeni da ortodontistarenganajoatea, arazoa garaiz antzemateko”. Jarraitu irakurtzen