Ondorioak ez du zehazten zenbat duen, eta horrek urratu egiten du legedia (1169/2011 Erregelamendua). Zer-nolako mantenugaiak ematen dituzte? Karbohidratoak dira ugarienak: %55 Santa Maria etxeko talotxoetan eta %42 Mexifoods osokoetan. Aldeak irin kopuruan daude: zenbat eta handiagoa izan, orduan eta karbohidrato gehiago izango du. Datu horietatik abiatuta, zifrarik ageri ez duten produktuek zenbat irin izango duten kalkulatu dezakegu: Old El Paso gari talotxoak eta Zanuy. Karbohidratoak %53 dira bietan, eta gari irina, berriz, %56 inguru. Proteina kopuruan ere badira aldeak. Talotxo batzuek %9-9,7 dute gutxi gorabehera; zehazki Old El Paso eta Mexifoods osokoak izeneko produktuek, eta gainerakoetan %7 eta %8 artean dabiltza zifrak. Desberdintasun horiek, batzuetan, glutena osagai gisa erabiltzen delako sortzen dira, adibidez El Paso pocket wraps eta Mexifoods osokoak izenekoetan. Konplexu proteiko hori zerealen irinetan egotean da, garian adibidez, eta batzuetan modu isolatuan erabiltzen da, propietate teknologikoak dituelako; izan ere, oreari biskoelastikotasuna ematen dio eta hobetu egiten du testura. Erantsitako glutenik ez duten produktuetan hainbeste proteina agertzeak esan nahi du, seguruenik, indar irinak erabili dituztela, ohiko irinek baino gluten proportzio handiagoa baitute. Old El Paso talotxoak etxekoarekin gertatzen da hori. Nolanahi ere, aldeak ez dira adierazgarriak nutrizioaren ikuspegitik. Gantzei dagokienez, berriz, %3,4 ditu Zanuyk eta %10,7 Old El Paso pocket wraps delakoak. Gehienak %7-7,5 artean dabiltza, besteak beste Mission, Eroski eta Mexifood osokoak. Eroskiren osagai zerrendan zehaztu egiten da ekilore olioa %5,5 duela. Datu horretatik abiatuta, ondoriozta dezakegu gantzen %7-7,5 ematen duten produktuek antzeko olio kopurua dutela, %5,5 inguru. Gainerako gantzak, %7-7,5 hori osatzeraino, irinetik datoz. Zuntzean ere alde handiak daude, %9,8tik %1,4ra bitartekoak. Osoko irinarekin eginda daudenek ematen dute gehien: Mexifoods osokoak (%9,8) eta Old El Paso Wraps osokoak (%5,5). Beste muturrean daude Old El Paso pocket wraps (%1,4), Old El Paso talotxoak (%1,6) eta Rapiditas (%1,7). Zanuy da datu hori ageri ez duen bakarra (ez da nahitaezkoa). Gatza eta kaloriak. Elikagai batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25 baino gehiago duenean. Horixe gertatzen da gida honetan aztertu ditugun bi produkturekin: Santa María (%1,4) eta Rapiditas (%1,7). Gainerako talotxoak %1 inguruan dabiltza gatzari dagokionez. Balio txikixeagoak dituzten hiru produktu bakarrik daude: Mission zerealak eta haziak (%0,92), Zanuy (%0,9) eta Mexifoods osokoak (0,88). Kaloria kopurua 339 kcl eta 282 kcal artean dabil 100 gramo bakoitzeko. Bistan denez, kaloria gehien ematen duten produktuak gantz edo karbohidrato gehien dutenak dira, esaterako Old El Paso pocket wraps (339 kcal) eta Mission produktuak, baita Eroskirenak ere (315 kcal inguru); beste muturrean, berriz, Zanuy (282 kcal) eta Old El Paso Wraps osokoak daude (292 kcal). Nutri-scorek emandako puntuazioa. Orain arte ikusi ditugun desberdintasunak kontuan hartuta, Nutri-Score puntuazioan daudenak ere uler ditzakegu. Oraingo hauek gatz, zuntz eta gantz kopuruak baldintzatzen dituzte batez ere. Horregatik, hiru talotxok C letra daramate (Santa María, Old El Paso Pocket wraps eta Rapiditas), eta gainerakoek B edo A. Zer ematen du talotxo batek? Orain arte, talotxo bakoitzak zer-nolako osaera duen ikusi dugu 100 gramo bakoitzeko, eta hori oso baliagarria da konparazioak egiteko, baina ez da oso errealista. Bi talotxo eta erdi jan beharko lirateke balio horiek lortzeko, gehienek 40 gramo pisatzen baitute. Badira hiru salbuespen: Old El Paso Wraps osokoak, formatu handiagoa dutenak eta pisu gehiago (58 g), eta Old El Paso pocket wraps eta Rapiditas, zeinak txikiagoak baitira eta pisu gutxiagokoak (28 gramo lehenak eta 21 bigarrenak). 40 gramoko talotxoa hartzen badugu, batez besteko ekarpena hau da: 2,2 g gantz, 21 g karbohidrato, 1,8 g zuntz, 3,3 g proteina eta 0,4 g gatz eta 121 kcal. Ideia bat izateko, madalena batek edo hiru laranjak ematen duten energiaren baliokidea da. Esan beharrik ez dago, jakina, hiru elikagaiak oso desberdinak direla nutrizio osaerari dagokionez eta osasunean duten eragina kontuan hartuta. Kalitate-prezioak. Prezioak alderatzen baditugu (100 gramo bakoitzeko), alde handiak aurkituko ditugu: 1,52 € balio dute Old El Paso pocket wraps talotxoek eta 0,36 € Eroski etxekoek. Hau da, garestienek baino lau aldiz gutxiago balio dute talotxorik merkeenek. Garestienen artean sartuko ditugu beste bi ere: Rapiditas (1,07 €) eta Old El Paso Wraps osokoak (0,97 €). Kasu batzuetan, formatuari zor zaio desberdintasuna. Merkeenak, adibidez, (Mexifoods, Zanuy eta Eroski) babes atmosferarik gabeko ontzietan merkaturatzen dituzte, eta kontserbagarriei esker lortzen da hain luzaroan irautea (lizunik ez agertzeko eransten dizkiete). Beste produktu batzuetan, bizitza erabilgarria luzatzeko, babes atmosfera duten ontziak erabiltzen dira, hau da, kalterik eragiten ez duten gasen nahasketa bat sartzen da —normalean, oxigenoa, karbono dioxidoa eta nitrogenoa—, lizunik ez sortzeko. Oro har, kontserbagarririk gabeko produktuek bigarren mailako iraungipen-data laburragoa dute, hau da, ireki ondoren denbora gutxiago irauten dute (bi edo hiru egun), adibidez Santa María, Old El Paso, Zanuy eta Rapiditas etxeetakoek. Produktu garestienen artean, formatuak eta osaerak baldintzatu egin dezake prezioa: Old El Paso pocket wraps plastikozko erretiluetan merkaturatzen da, kartoizko etiketekin, eta gantz gehiago dauka, eta Old El Paso Wraps osokoak, berriz, osoko irinarekin eginak daude eta talotxoa bera handiagoa da. Rapiditas etxekoak, dena den, ez dago argi zergatik diren garestiagoak. Kalitate-prezioetan nabarmentzen diren produktuak honako hauek dira, ordena honetan dira: Eroski, Mexifoods osokoak eta Mission originala. Jarraitu irakurtzen Ondorioak Lehen begiratuan, badirudi alde gutxi dagoela talotxoen artean, baina ongi erreparatzen badiogu, ikusiko dugu badirela eta, gainera, ez gutxi. Osagaiei dagokienez, aldeak daude irin motan eta proportzioan. Onena litzateke osoko irina lehenestea, eta proportzio handian egotea komeni da, gainera. Ildo horretan, Old El Paso wraps osokoak nabarmentzen da, zeinak %68 baitu osoko irina. Gantz motari dagokionez, produktu guztietan ekilore olioa, nabina olioa edo bien nahasketa erabiltzen da. Osasunaren ikuspegitik, agian zertxobait hobea da nabinarena, omega-3 gantz azidoak dituelako. Beraz, alde horretatik Santa María marka litzateke aukerarik onena. Baina aldeak ez dira oso adierazgarriak, batez ere kontuan hartzen badugu talotxoak dieta osoari egiten dion ekarpena. Komeni da gatz gutxikoak lehenestea (zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto), eta, alde horretatik, aukera onena Mexifoods osokoak izango lirateke. Prezioari begiratzea ere garrantzitsua da, alde handiak baitaude batetik bestera. Ezaugarri guztiak kontuan hartuz gero, aukerarik onena Mexifoods osokoak izango litzateke: osoko irina dauka, gatz gutxi (%0,88) eta preziorik apalenetakoa (0,64 € 100 gramo bakoitzeko). Kalitate-prezioak kontuan hartuz gero, Eroski etxekoa da aukerarik onena. Jarraitu irakurtzen