Horregatik, dieta beganoa egiten duten pertsonek bitamina hori gehigarrien bidez hartu behar dute beti. “Txostenak dioenez, dieta beganoak hobetu egin dezake pertsona baten profil lipidoa, baina ez dago ebidentziarik bihotz-hodientzat onura dakarrenik esateko, gutxienez dieta mediterraneoarekin alderatzen badugu eta gantz gutxikoarekin. Bi dieta horietarako, azterketek ebidentzia zientifiko sendoagoa erakusten dute”, erantsi du Anguitak. Gainera, Ameriketako elkarteak behin eta berriz dio oso murriztailea den dieta begano bat egitea zaila dela. Planifikazioa eskatzen du, eta hori ez da beti erraza izaten. Horretaz gain, gehigarrien kostua ere kontuan hartu behar da, B12 bitaminaren falta konpentsatzeko. Gantz guztiak ez dira txarrak. “Gantz gutxiko dietak –guztizko kalorien %30 baino gutxiago ematen dutenak dira– ez daude gaizki, baina Mediterraneokoa –begetarianoa barne– eta DASH baino okerragoak dira. Ez dago gantza deabrutzeko arrazoirik”, dio Anguitak. “Urteetan esneki gaingabetuak gomendatu izan dira, baina Ontarioko Unibertsitateak 2020an egindako azterlan batean ikusi da esne osoa hartzea gomendagarriagoa dela (200.000 pertsonarekin baino gehiagorekin egin da azterketa hori)”, azaldu du adituak. Hau da, dieta mediterraneoaren barruan, onuragarria da esne osoaren edo esneki osoen bi edo hiru errazio sartzea. Adibidez, edalontzi bat esne oso, gazta xerra bat edo bi, baita gantzatsua ere, eta jogurt bat. “Neurriz kanpo hartu ezean, esnearen gantz horiek onak dira”, dio Anguitak. Hirugarren maila Dieta oso murriztaileak Gantz gutxi ematen duten dietak (kaloria guztien %10 baino gutxiago) eta karbohidratoak ere gutxi ematen dituztenak (%30-40) hirugarren maila honetan jarri dituzte. Manuel Anguitak azaldu du ez dagoela arrazoirik hidratoak baztertzeko, batez ere denak ez direlako berdinak. “Ez da ahaztu behar karbohidratoak frutan, barazkietan eta lekaleetan daudela. Ez dago dietatik kendu beharrik. Zera egin behar da: hidrato gehiegirik ez jan eta, batez ere, azukre finduak saihestu”, azaldu du. Bihotzaren Ameriketako Elkarteko adituen ustez, karbohidratoak gehiegi murrizten badira, azkenean zuntz gutxiago hartzeko joera izaten da, eta haragietatik eta animalia jatorriko elikagaietatik datozen gantz saturatuen kontsumoa handitu egiten da. Jarraitu irakurtzen