eta horrek susmoa pizten du. “Isolatu egiten diren haurrak izan daitezke, edo beste ikaskideek zirikatzen dituztenak, edo ikasgelan jarrera disruptiboa dutenak, hiperaktiboak, irakasleek nola eraman ez dakitenak”, erantsi du Carmen Sanzek. Nolanahi ere, adituek oroitarazten dutenez, gaitasun handietan espezializatuta dagoen profesional batek egin behar du diagnostikoa. Rodriguezen aburuz, haurra eskolatuta badago, tutorearekin hitz egitea da onena, kasua ikastetxeko orientazio sailera bideratu dezan. “Bide hori ezinezkoa bada, askotan gertatzen den bezala, bigarren aukera izango litzateke GIHen diagnostikoan espezializatua dagoen zentro pribatu batera joatea, baina eskolaren bidez egitea litzateke logikoena, familientzat kosturik gabe, ikasteko zailtasunak dituen pertsona bat artatzen den modu berean”, azaldu du. Detekzioa funtsezkoa da, gaitasun handiko norbaitek arreta berezia behar baitu, diagnostikorik gabe inoiz jasoko ez duena. Hala ere, dauden datuen arabera, gaitasun handiko hamar adingabetatik bakarra identifikatzera iristen da hezkuntza sistema, eta horrek, azken batean, eragina izan dezake haien errendimendu akademikoan. “Ez dago esaterik haur batek eskola-porrota izango duela arretarik eskaini ez diotelako, baina bistakoa da hori gertatzeko aukera asko handituko dela, haurra motibaziorik gabe dagoen testuinguru batean dagoelako, erritmoa motela delako hark behar duenerako, elementu errepikakor asko daudelako; eta horrek guztiak kendu egiten du hezkuntzarekiko eta eskolarekiko interesa. Haur horiek ebaluatzea zera da: behar hori dutela agerian jartzea, arreta jasotzeko eskubidea dutela ikusaraztea”, nabarmendu du Rosabel Rodriguezek. Autoestimua eta eskola jazarpena. Arreta espezifikorik ez izateak, muturreko kasuetan, autoestimu arazoak ere eragin ditzake, taldean lekurik ez duelako irudipena, nerabezaroan areagotu egiten dena, aniztasuna askoz hobeto onartzen baita haurtzaroan. “Nerabezaroan, maiz eratzen dira talde mimetiko samarrak; identifikatzeko modu bat da hori, eta, ondorioz, etapa horretan zailagoa da desberdintasuna onartzea. 10 urte zituztenean eskolan galderak egiteko, eskua altxatzeko eta bazekizkiten gauzak esateko arazorik izan ez duten neska-mutilak agian isildu egingo dira garai horretan, ez dutelako nabarmendu nahi”, adierazi du Rodriguezek. Ondorioz, haur horiek isolatzera jotzen dute bizitzako garai horretan, taldean lekurik ez dutela iruditzen zaielako, eta bakarti bihurtzen dira. “Guztiontzat da funtsezkoa inguruak onar gaitzan. Inguruak ez bazaitu onartzen, gaizki sentituko zara, jakina. Ohikoa da autoestimua galtzea, gizarte harremanetan arazoak izatea edo jarrera disruptiboak agertzea besteek onar ditzaten”, azaldu du. Nahiko ohikoa da, halaber, batzuk eskola jazarpenaren biktima izatea, desberdina den edozein ikaslerekin gertatzen den bezala. “Gaitasun handiko bi adingabetatik batek eskolako jazarpena jasaten du eta askok baita mobbinga ere lanean hasten direnean”, jakinarazi du Sanzek. Ahalmenari etekina ateratzea. “Hezkuntzan beti faltako dira baliabideak. Gaur inoiz baino gehiago dugu, baina beharrizan berriak ere agertzen dira”, adierazi du Rodriguezek. Ikasgelan aniztasunari erantzuteko baliabiderik ez dagoenez, gero eta autonomia erkidego gehiago ari dira lantzen curriculumetik kanpoko programak ikasle horientzat, hilean zenbait topaketak egin ditzaten, ostiral arratsaldeetan edo asteburuetan. Bide hori hartu dute, besteak beste, Madrilek, Balear uharteek eta Valentziako Erkidegoak. “Gaur-gaurkoz, ordea, merkeena eta errazena mailaz igotzeko eskatzea da; gainerakoa gurasoek bilatu behar dute”, gehitu du Sanz Chaconek. Rodriguez ez dator guztiz bat iritzi horrekin; izan ere, kasu jakinetarako neurri egokia dela uste badu ere, ez du uste GIH duten adin txikiko guztientzat balio duenik: “Adibidez, matematikan talentua duen pertsona bat bi ikasturte aurretik joan daiteke arlo horretan, baina horrek ez du esan nahi beste arlo batzuetan mailaz igota ongi moldatuko denik. Hezkuntzan aukera bat baino gehiago izan behar da, eta ikaslearen profilera hobekien egokitzen dena eskaini behar da kasu bakoitzean”. Aukera horietaz gain, adituak esan du garrantzitsua dela familiak jakin dezan nola atera probetxua inguruneak eskaintzen dituen aukerei eta nola elikatu seme-alaben ikasteko gosea. “Hiria gauza interesgarriz beteta dago, eta horiek eskain diezazkiekegu: museora egindako bisita egitea, zientziari buruzko erakusketa bat ikustea, antzerkira elkarrekin joatea edo film bat ikusi ondoren eztabaidatzea... Baliabide asko dago, eta hainbatetan, ezjakintasunagatik edo denbora faltagatik, ez ditugu arakatzen”, adierazi du. Hezkuntza sistemaren hutsuneak Jarraitu irakurtzen Hezkuntza sistemaren hutsuneak El Mundo del Superdotado Fundazioaren webgunean, dekalogo bat ageri da gaitasun handiei ematen zaien arreta hobetzeko. Besteak beste, honako neurri hauek proposatzen ditu: estatu mailan irizpide bakarra ezartzea gaitasun handiko adingabe bat definitzeko, inongo haur kanpoan utziko ez duena; ikastetxe bakoitzean gaitasun intelektual handiko gela ireki bat sortzea; edo osasun arloko psikologo klinikoen ebaluazioak onartzea, eta gainerako osasun profesionalek egindako diagnostikoen balio bera ematea. Nolanahi ere, aditu guztiek nabarmentzen dute irakasleak prestatzeak duela lehentasuna, ikasgelan gaitasun handiei nola erantzun jakin dezaten. “Gaur-gaurkoz, ez dago kalitatezko prestakuntzarik irakasleentzat, eta hori da arazorik handiena. Hutsune handia da hori, haur horiei arreta emateko ez baita nahikoa nahi izatea, jakin egin behar da. Karreran ez dago gaitasun handien gaia berariaz lantzeko irakasgairik; asko jota, aukerako irakasgairen bat edo irakasgai baten barruko gai bat”, salatu du Rosabel Rodriguezek. El Mundo del Superdotado Fundazioaren Jarraitu irakurtzen