MARTA PÉREZ LOPERENA A ita eta osaba hil ondoren, duela hamarkada bat ia, Marta Perez Loperenak utzi egin zuen bulegoko zurruntasuna eta familiaren tradizioari heldu zion landa ingurunean. Gaur egun, artzaintzatik bizi da, Idiazabal gazta eginez, eta Artzai Gazta Elkarteko presidentea da. Bere lanari esker aitortza eta sari ugari jaso ditu, besteak beste, World Cheese Awards lehiaketa entzutetsuan. Idiazabal gazta artisau erara egiteak nola eraldatzen du elikaduraren etorkizuna? Idiazabal jatorri deitura lurralde honi loturiko kalitate zigilu bat da, eta horrek babestu egiten du ardi arraza zehatz bat bat: latxa arraza. Beraz, gazta hori hemen baino ezin da egin. Uste dut hori dela etorkizuna: hurbilekoa, lurrari lotua eta ingurumenarekiko eta pertsonekiko errespetuz jokatuko duena. Nola mamitu zen bulegoko lana utzi eta gaztak ekoizten hasteko prozesu hori? Erabaki zaila izan zen. Aita hil zen, osaba ere bai, eta laguntza handia behar zen etxean. Zer ikasten da artaldearekin bulego batean inoiz ikasiko ez litzatekeena? Etengabeko ikasketa prozesua da. Gure lanbidea lurrari lotuta dago, ekoizpen sistema jasangarria da eta estentsiboa. Hein batean ekintzaile sentitzen gara elikadura eta abeltzaintza ulertzeko modu horretan. Zer garrantzi dute emakumeek sektore tradizional honetan? Gure amak eta amonak oinarrizko zutabea izan dira betidanik baserrietan, baina beti bigarren mailan egon dira. Orain, asko gaude lehen lerroan, eta haiei ahotsa emateko modu bat da. Nola egiten da Idiazabal gazta? Ardi latxaren esne gordinarekin, gatzagi naturalarekin eta gatzarekin egiten da. Esne gordin horrek zapore bizia ematen dio. Lan handia eskatzen du, eta mimo handia urrats bakoitzean, ganaduaren elikaduratik banaketaraino. Nik esan ohi dut gazta bat lurrean hasten dela, larrean, belarretan, ardiak jeztean… Gazta neurrian jatea zergatik da ona osasunerako? Kaltzio, fosforo eta magnesio asko du, eta ardi gazta errazago digeritzen da. Zer mezu helaraziko zenieke ekintzaile izan nahi duten gazteei, baina landa ingurunearen eta hiriaren artean zalantzan daudenei? Animatu egiten ditut. Etxean harro daude ohiturari jarraitu diogulako. Gai izan behar dugu honi bizirik eusteko, jendeak osasuntsu eta bertakoa jan ahal izan dezan. GALDERAK ESNE MAMITAN Irakurri elkarrizketa osoa hemen Gazta lehen platerean, bigarrenean edo postre moduan? Postre moduan. Gazta bat izango bazina, zein zinateke? Idiazabal. Ardien arrazari dagokionez, lurralde gisa eta artzain moduan nor garen esaten du. Non sentitzen zara ardi bat artaldean bezala? Egozkuen (Nafarroako Anue ibarrean). Gazta bezain gozoa den jaki bat, baina gazta ez dena? Txingarrak tomatearekin.