Innogando enpresako burua eta sortzaileetako bat, baita albaitaria eta abeltzaina ere, harrotasunez. ELIO LÓPEZ I nnogando startup bat da, ganadua monitorizatzeko soluzioen garapenean liderra. Familiaren ustiategiko 2.000 abelburuak non eta nola zeuden jakiteko gai izango zen gailu teknologiko baten beharra sumatzen zuelako sortu zuen Lopezek enpresa. Gaur egun, sistema bat dute denbora errealean abelburuak monitorizatzeko, eta 30.000 animalia baino gehiago dituzte monitorizatuta. Sistema, beraz, lagungarri izan daiteke lehen sektorean belaunaldi aldaketa egiteko. Noiz hasi zinen Innogando martxan jartzeko ideia hausnartzen? Abeltzain familia batekoa naiz. Albaitaritza ikasten ari nintzen Lugon, eta ohartu nintzen teknologia lagungarri izan zitekeela nire etxaldeko animalien gaitzak detektatzeko. Lagun bat ingeniari informatikoa da, eta bion ezaguerak batzeko aukera aztertzen hasi ginen, nik albaitaritzari buruzkoak eta berak teknologiari buruzkoak. Biok gara enpresako bazkideak eta sortzaileak, eta bost urte betetzera goaz. Abeltzaintzan soluzio teknologikoak ezartzeak nola lagundu dezake elikaduraren etorkizunean? Teknologia beharrezkoa da animalien egunerokotasuna hobetzeko, baina baita abeltzainarena ere. Gai gara abeltzaintza estentsiboa monitorizatzeko, eta horrek asko errazten dio bizimodua abeltzainari. Lehen sektore honetan, belaunaldi aldaketa da datozen urteetako erronka nagusietako bat, eta, hain zuzen, horixe da gure helburua: belaunaldi gazteek lan honetan jarraitu ahal izatea eta sektoreari eustea. Nola da behiek ere ‘smartwatch’ bat eramateko kontu hori? RUMI lepoko bat da, pertsonek erabili ohi dutenaren antzekoa, baina pixka bat handiagoa. Horixe eramaten dute behiek lepoan. Animaliek egunero gauza berak edo bertsuak egiten dituzte. Eta egiten ez dituztenean, zerbait gertatzen ari da. Nola funtzionatzen du lepoko horrek? RUMIk seinale bat igortzen du, eta denbora errealean animalia non dagoen eta zertan ari den adierazten du (bazkatzen ari den, atseden hartzen, ibilian, jolasean...). Hala, animaliaren portaera patroi bat dugu jakiteko zehazki non dagoen, gaixo dagoen edo susara dagoen. Abeltzainak alerta bat jasotzen du mugikorrean eta animaliarekin zer gertatzen ari den jakiten du. Gainditu beharreko arazoetako bat izan da da ingurune horietako askotan ez dagoela estaldurarik (behiak dauden lekuetan pertsona gutxi dago). Hori dela eta, eguzki antena baten bidez 10 km-ko erradioko estaldura lortu dugu. Lepokoak eguzki plaka bat dauka edozein lekutan funtzionatzeko prest; hala, behiari jarri eta animaliak berak sortzen du energia bere burua monitorizatzeko. Zergatik da Rumi merkatuko aukera osoena? Abeltzainek abeltzainentzat egindakoa delako. Dauzkagun ia 30.000 gailuek hori berresten dute. Zure ustez, arrakala digitala landa inguruneetara ere iritsi da? Uste dut premiazkoa dela lehen sektorean berrikuntzak egitea eta teknologia sartzea, baina egia da pazientzia behar dela. Gure herrian 300 biztanle baino gutxiago gara eta 28 pertsona ari gara lanean, guztiak goi mailako titulazioekin. Belaunaldi aldaketari eta etxaldeei eutsi nahi badiegu, teknologia lagungarri izango da abeltzain horiek sektorean lanean jarraitu nahi izan dezaten. Nola irudikatzen duzu abeltzaintzaren etorkizuna? Ehuneko ehun urruneko sistemen bidez kudeatu ahal izango da? Ehuneko ehun urruneko sistemen bidez kudeatzea ezinezkoa izango da; izan ere, pertsonak beti beharko dira animalien inguruan, baina egia da duela 30 urte inork ez zuela pentsatuko abeltzainak etxetik jakin ahal izango zuenik animalia bat gaixorik dagoen, ihes egin duen edo susara dagoen. Hori jada posible da gurea bezalako teknologiekin. GALDERAK ESNE MAMITAN Zure lanean muuuutil zoriontsua egiten zaituen zerbait... Behiak. Behiren batek bidali zaitu inoiz ostiko batez bazkatzera? Ostiko batez, bai. Burua zintzarri bat bezala duzula esango zenuke, edo oinak lurrean edukitzekoa zara? Burua zintzarri bat bezala dut. Zein dira baka onenak? Bakazioak, agian? Ez, noski ezetz. Niri besteak gustatzen zaizkit, lau hankako behiak. #elikatupentsatzenduzuna